Udalekuak: sormen bidaia 2017

Zer da Abarun proiektua?

Urteen joan etorrian aisialdiko heziketaren munduan bizitu dugun ibilbidean ikasitako eta amestutakoaren emaitza da.

Fantasia eta euskal kultura uztartzen dituen munduan girotuta dagoen aterpe honetan, Euskal Herriko ohiturak, euskara, norbanakoaren ezagutza eta sormena lantzeko egitasmo ludiko -didaktikoak eskaintzen dira, jolasen munduan murgilduz hezkuntza mailako helburuak landuaz.

Aisialdiko heziketaren bidez, gizabanakoaren atsedenaldian eta atsedenaldirako heziz…

Sormen bidaia

Udaleku hauetan, sormenerako heziketaren bidez, haurrei inolako eredurik jarri gabe beraien buruarekiko segurtasuna senti dezaten sustatu nahi dugu. Sortzeko gaitasunaren garapena bizitzako edozein egoeratan, pertsonok dugun ezberdintasunetan eta norberaren originaltasunean sakontzean datza, erreprimitze eta erakustaldietatik urrun.

Eredu, konparaketa eta epaiak gaindituz, beldurrak eta mugak desagertzen dira eta ustez ditugun gaitasunak areagotuz eboluzionatzen dugu. Modu honetara, gure bizitzan inprobisazioari, sormenari eta gauzatzeari tartea eskainiko diogu.

Helburu orokorrak

  • Egonaldia modu positibo batean bizitzeko, ideiak eta proposamenak eskaintzea. Aisialdia modu hezitzaile batetan bizitzeko eredu bat azaltzea non denbora librean gozamena, dibertimendua eta garapen pertsonala sustatzen den.

Helburu zehatzak

  • Pertsonen arteko harreman osasuntsu batetarako oinarrizkoak diren baloreetan oinarritutako heziketa transmititzea.
  • Gaitasun kognitiboa, garapen emozionala eta gorputzaren lanketan sakontzea.
  • Haurrek euren lanaren ardura hartzea autonomia, irizpide propioak eta sormena landuz.
  • Sormen lanari zentzua emango dion eguneroko bizitzari loturiko kontestu bat eraikitzea, esperientzia, emozio desberdinen bizipena sustatuz.
  • Norberak bere proiektua gauzatzeko espazio desberdinen erabilera eskaintzea: espazio itxiak eta baita irekiak ere.
  • Sortzerakoan, jolasten duten bitartean gozatzea, prozesua bera bizitzea eta sentitzea.
  • Sormenaren bidez landuko diren jolasak izaera kooperatiboa izatea.
  • Norbere buruarekin landu beharreko trebeziei eta besteekin harremanetan landu beharrekoei tartea eskaintzea.
  • Materialen berrerabilpena eta birziklapena sustatzea.
  • Gure kulturan ohikoak diren ospakizun eta jaialdiekin lotura duten egoerak transmititzea.

Zerekin topatuko gara?

Euskal Herriko toki desberdinetatik etorritako bidaiariak Aurtitzen elkartuko gara gure bidaiaren erdigune, abiapuntu eta abaro bihurtuko den aterpetxean. Egingo ditugun lagun berriekin esperientzia ahaztezinak biziko ditugu eta batak bestearengandik ikasi eta elkar zainduko dugu. Denon artean proiektu bat edo gehiago gauzatzeko aukera izango dugu, gustuko lanak ematen duen emozioak nahi duen tokira eramaten utziz. Eremu desberdinak ezagutuko ditugu, atseden hartuko dugu eta naturak eskaintzen dizkigun mendi, erreka, xenda eta zelaietan barrena murgilduko gara. Herriko zein etxeko txokoak gureak sentituz joango gara. Hauek bertako janari goxoaz gozatzeko, jolasteko, sortzeko, kirola egiteko, edota egonean egoteko aukera emango digutelarik. Eta gauean, oheratu aurretik, amets egiten lagunduko diguten gaubela desberdinak bizituko ditugu hala nola: zinemaldia, karaokea, desioen akelarrea… Bidaiari bakoitza baliozkoa izango da, egonaldiari kolore berri bat gehituko diona!

Gure bidaiaren norakoa ez da inoiz leku bat, gauzak ikusteko modu berri bat baizik”. Henry Miller.

Ildo pedagogikoa

  • Proiektuak haurren adin tarteari eta dituzten interes guneei egokituko dira. Adin tarte bakoitzaren ezaugarriak kontutan hartuko dira beraientzat erakargarriak izan daitezkeen gaiak aukeratuz.
  • Haurren arteko eta baita hezitzaile-haur arteko harremanean ezinbestekoak diren entzuketa aktiboa, lankidetza, errespetua islatuko ditugu jarreretan.
  • Haurrek euren lanaren ardura izan dezaten, sormen lanak era ez zuzentzaile batean aurkeztuak izango dira, egiteko aukera desberdinak erakutsiaz. Ohiko patroietatik aldenduz, haurrak neurtuko du zer eta nola egin nahi duen, eta zer eta nola egiten ari den.Zerbait euren gustura atera ez bada, beti, aldatzeko, konpontzeko edo berri batekin hasteko aukera izango dugu. Egileek neurtuko dute zenbat denbora eskaini nahi dioten lanari eta noiz dagoen bukatuta, hortaz, egindakoaren emaitza egileak baloratuko du.
  • Azken emaitzari baino, prozesuari garrantzia gehiago emango zaio. Haurrak sormena lantzen duten bitartean, edo ta jolasten, abesten dagoen bitartean nabaritu ditzakeen emozioak eta sentsazioak zabalagoak eta sakonagoak izan ohi dira hauek bukatzean baino.
  • Proiektua, dinamika baten atal bat izango da. Dekoraziorako soilik baliagarria den eskulanetatik aldenduz, sormena erabiliko dugu egindakoarekin jolasteko.
  • Proiektuak bakarka eta taldeka egin daitezke. Adin eta trebezia desberdineko pertsonekin elkarlanean jartzean bakoitzak bere gaitasunak praktikan jarriko ditu eta norberak bere mugak ezagutuko ditu. Muga hauetatik abiatuz sormenerako bide berriekin topatuko gara.Egileek elkarrengandik ikasteko, beraien arteko harremanaren bidez elkarri laguntzeko aukera izango dute.
  • Erabiliko diren materialak haurrentzako eskuragarriak izango dira. Beraz, lortzeko zailak izan daitezkeen materialak ez ditugu erabiliko.Aldi berean, berrerabilpena eta birziklapena sustatuko dugu. Horretarako aurrez erabilitako materialak erabiliko ditugu eta baita eguneroko bizitzan aurkitzen ditugunak ere.
  • Gure kulturan ohikoak diren hainbat ohitura irudikatuko ditugu. Horretarako orokorrak diren hainbat jaialdi, ospakizun aukeratuko dira.

Izen emateko bete beharreko pausuak

  • Web orrian agertzen den formularioa bete (Sormen bidaian parte hartu nahi dut!).
  • Abarun Aterpetxeak e-posta bat igorriko dizu inskripzio orria, ordainketa egiteko modua eta baimen orriekin (argazki baimena, kotxean garraiatzeko baimena eta matrikula fitxa) bete eta bidali.
  • Ordainketa transferentzia bidez egingo da igorritako kontuan.

Transferentzian: Udalekura etorri behar duen haurraren izen eta abizenak agertu behar dira , ez titularrenak.

Informazio osagarria

Eskuorria jeitsi

udalekuak2017

Sormen bidaian parte hartu nahi dut!

TOP